XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

(...) armadan ere jator eta isila zen, harik eta zerbaitek lehertarazi zuen arte.

Eta ordura arte inor ez zen konturatu.

Emakume zahar eta atseginek senarra garbitzen zuten hogei urtez ezkonduta zoriontsu bizi izan ondoren, bankuko enplegatu txikitxo bezain otzanek usterik gutxienean iruzurretan hartzen zuten dirua... ez zegoen jakiterik zer gertatuko zen.

Beraz, bazitekeen Maryk dirua lapurtzea.

Bazitekeen nekatuta egotea.

Samek zorrak noiz ordainduko zain; bazitekeen ustekabeko tentaldia gehiegizkoa izatea.

Beharbada, bururatu zitzaion dirua Sami ekarri eta istorioren bat asmatzea, gizonak dirua onar zezan.

Beharbada, elkarrekin ihes egiteko asmoa zeukan.

Samek aitortu egin behar izan zuen hala izan zitekeela, areago, hala izango zela, ziurrenik.

Honenbesteraino aitortuta, hurrengo galderari aurre egin behar izan zion.

Zergatik ez zen ailegatu Mary?

Norantz abiatuko zen, bestela, Tulsako hiri-ingurutik irtetean?

Behin halako gogoetan hasiz gero, behin geure buruari aitortuz gero ez dakigula benetan nola dabilen beste pertsona baten burua, azken aitorpena egin beharra dago: edozer gerta zitekeen.

Dela bat-batean Las Vegaserako hegaldia hartzea; dela bat-batean jendearengandik guztiz ostendu eta bizimodu berria hastea, guztiz bestelakoa, beste izen bat hartuta; dela errudun sentimendu bortitzak eragindako amnesia...

Baina kontua FBIko kasu bihurtu zuen ia-ia, esan zuen berekiko Samek ironiaz.

Edota kasu klinikoa.

Hainbesteraino zabaltzen bazituen espekulazioak, aitortu egin beharko zuen milaka eta milaka hautabide zirela. (...)